XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hau diotsuet Nik entzuleoi: Maita itzazue zuen etsaiak; egin on, gorroto dizuetenei; bedeinka, madarikatzen zaituztenak; egin otoitz, gaizki-esaka ari zaizkizuenentzat (Lk 6,27; Mt 5,43-48).

Hengel-en esanetan ez dirudi gezurra denik, herriko zuzendarien artean bizi-bizirik zegoen iraultza-suaren giroaz garbi jabetuz eta giro haren aurka egin zuela Jesusek etsaiak maitatzeko eta beraiei barkatzeko deia.

Jesusen jarrerak, noski, nabarmentasun haundiagoa eta esanahi sakonagoa hartzen du, bere inguruko gizarte-giroa zer-nolako gogorkeri giroz sutua zegoen begiratzen badugu.

Gaizkiari aurpegirik ez emateko esaerak esankizun berezia darama; izan ere Jesusek beti aurpegia eman behar zion zeloteen irizpide nagusiari, hauek Erromako Estatuari armaz gogor egin behar zitzaiola bait zioten (O. Cullmann).

Jakintsu batzuren iritzian, fededun batentzat teologi mailan garrantzirik ez duen eztabaida da, Jesus zelotetarren artekoa ote zeneko eztabaida; exegesis-mailako edota Jesusen bizitzaren argibiderako beste garrantzirik ez du eztabaida honek.

Jesusek herri-agintaritzari edo indar politikoari zorroztu zion erasoketa hor dago; horren ondoan, gauza gutxi da, garrantzirik gabekoa, alegia, teologi alorrean, Jesus zeloteen taldeetan sartua egotea edo sartua ez egotea.

Jesus zelotismoari lotua egon ote zeneko gorabehera hau bere bizitza argi dezakeen gertaera bat izango litzateke, baina horrek ez du ezertan aldatzen, teologi alorrean garrantzi osoa daraman Jesusen jokabidea zorroztasun osoz herri-agintariei aurpegi eman zieneko jokabidea, alegia (A. Fierro).

Egia esan, ez dakigu zer irizpide edo neurri erabiltzen den esateko, Jesusek egindako egintzetan zeintzuk diren mami-erakusbidea dutenak, eta zeintzuk erakusbide hori ez dutenak.

Guk uste duguna da, Jesusek erabili duen jokabide osoak guztira hartuta daramala erakusbide-balioa eta edozein motako indar politiko edota harengan argibide hartu nahi lukeen edozein mugimentu iraultzaile sustrai-sustraitik aztertzeko indarra.

Jesusen jokaera (zapalduen alde jartzea, haundikiei egiten dien kritika, agintariei aurpegi ematea, guztizko balioa gizakiari ematea, e.a.) beren indarra gizonak zapaltzeko antolatuta dauden edozein aginte-egoerarentzat kritika edo salakuntza jokaera izango da beti.

Gizakien agintaritza guztizko aginte-indarra bezala erabiltzea gogor gaitzesten du Jesusek, Jainkoari dagokionik ezin bait dakioke egundaino Zesarri eman.